Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak

Izenburua / Título: Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak

Egilea / Autor: Dani Fano

Argitaletxea / Editorial: Astiberri, 2018

ISBN: 978-84-16880-86-7

Hizkuntza / Idioma: Euskara

Orrialdeak / Páginas: 208

Eleberri grafiko sendoa da Dani Fanok argitaratu duena. Sendoa itxuraz eta sendoa edukiz. 208 orri dituen liburuaren zehar Migel Marmol iraultzaile salvadortarraren biografia azaltzen du egileak, kapituluz-kapitulu edo jaiotzaz-jaiotza hobe, hainbatetan heriotzaren atzaparretatik ihes egitea lortu baitzuen Migelek.

Esan bezala komikia Migel Marmolen biografia bat da, hala ere zerbait gehiago ere bada, El Salvadorreko XX. mendeko kronika ilustratu oso bat izatera iristen dela ziurta dezakegu, Migel Marmolen birjaiotzek El Salvadorreko gertaera historiko garrantzitsuenak zeharka gurutzatzen baitute. Liburua testigantzaz eta dokumentazioz ondo elikaturik dago, eta lana burutzeko El Salvadorreko Museo de la Palabra y la Imageneko kideen laguntza izan du Fanok uneoro.

Horrez gainera, komikiaren argumentu-lerro nagusiak osatzerako orduan Eduardo Galeano eta Roque Dalton idazleen lanak beti izan ditu eskura, bai batak eta bai besteak Migel Marmol izan baitute oso present euren obretan.

Lan fina burutu du Dani Fanok grafikoki, zuri-beltzak erabiliz eta bineta bakoitzean bere estiloaren onena emanez. Espresionismo ukitu duen errealismoaren eremuan koka dezakegu bere estiloa. Plantxa bikoitzak oreka eredugarri batean antolaturik daude. Dani Fanoren lan garrantzitsuenaren aurrean gaudela ez da dudarik.

Bilboko liburutegietan hartu ahal duzu maileguan komiki hau etxera eramateko.